“Aralar ezagutzen” orientazio zentroa azaroaren 19an mustu zen, ostiralarekin, hura sortzen lagundu duten eragileak bertan zirela. Zentroak badu Aralar ezagutzeko proposamen bat. Mendian ezinbestekoa den teknika bat bultzatzea, hau da, mapa eta iparrorratza erabiliz orientatzea. Esan behar da azken aldi honetan ahazten ari zaigula bestelako gailu batzuen erabileragatik.

Aralar inguruan orientatu, eta hura deskubritu eta ezagutu nahi duenaren eskura zailtasun desberdineko hiru zirkuitu prestatu dira: berdea (oinarrizkoa), urdina (ertaina) eta gorria (aurreratua). Hiruretan ez da aurrera egiteko oztoporik eta hiruretan bikain erakusten da zein den Aralar kontserbazio bereziko eremuaren natura-ondarea.

Horretarako, informazio-panel bat jarri da Guardetxen, liburuxkak editatu dira eta zirkuitu bakoitzaren mugarriak markatzen dituzten baliza-piketak (zenbakiekin) paratu dira. Zirkuituetan errazena berdea da (6 kilometro inguru ditu eta 280 metroko desnibela du; eta puntuak zazpi dira). Azpimarratzekoak dira Albiko hasierakoa, Buztintzako bordakoa eta Gazteluetakoa; etorritako lekutik itzultzen da hasierara.

Zirkuitu urdina 9 kilometro luze da 380 metroko desnibela du. Puntuak bederatzi dira. Guardetxeko aparkalekutik eta informazio-paneletik abiatzen da eta Moskordira, Albira eta Beingo Lezera jotzen du. Bidean Albi, Otasi, Soiltxiki eta Aubia II trikuharrietatik igarotzen da.

Azkena, zirkuitu gorria dugu, zailtasunik handiena duena. 15,6 kilometro luze da, 13 puntu ditu eta 740 metroko desnibela. Zirkularra da, eta Guardetxetik atera ondoren Pagomaritik, Desaomenditik eta Illobitik pasatzen da.

Zirkuituak Daniel Torrentek (Mirua) eta Mikel Albisuk (Orbela) diseinatu dituzte. Explora Sarearen 10.309,20 euroko dirulaguntza izan du proiektu honek eta Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak finantzatu du. Hasiera emateko ekitaldian izan ziren, halaber, Gorka Ovejero Arruazuko alkatea, Aralarko Elkartearen izenean, proiektuaren kudeatzaileak, Gustavo Ortiz de Barrón Explora Sareko burua eta Plazaola Partzuergo Turistikoko kudeatzailea eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak (Lursarea, Sakanako Garapenerako Agentzia eta Nafarroa Kirol Elkartea). Azken horiek orientazio-kirolean federazioko lanak egiten dituzte, Nafarroan.