Joan den azaroaren 6an, Urrotz-Hiria bihurtu zen liburuaren Nafarroako lehenbiziko herria, Javier Garisoain eta Yoania Torresen ekimenez, Ferien plazan kokatutako hiru negozio berrien sustatzaileak baitira; liburu-denda horiek ostiral eta larunbatetan irekiko dituzte. Ekimen hori garapen jasangarriaren adibide argitzat har daiteke, zehazki, hiru ardatzetako batean, kulturalean.

Oraingoz, hiru dira Urrotzen jarritako bigarren eskuko liburuen dendak: Libros con Historia, Amoxtli Libros con Arte eta Ojos de Búho, baina sustatzaileek badute esperantza ekimenarekiko interesa agertu duen baten batek eskaintza handituko ote duen.

Lehenbiziko liburu-denda negozio finkatua da, Javier Garisoain idazle eta liburu-saltzaileak 1998an abian jarria. Ondoren, herrian duen etxera eraman zuen egoitza, eta orain denda fisikoa inauguratu du plazan.

Bigarrena Yoania Torres arte historialari mexikarraren proiektu bat da, artearen diziplina guztietara bideratua. Izen hori jarri dio amoxtli hitzak “liburua” esan nahi duelako nahuatl hizkuntzan: jatorrizko amerikarren hizkuntzetako bat da, Mexikon hitz egiten dena.

Hirugarren liburu-denda da originalena, ez baitu liburu-saltzailerik; konfiantzan oinarritzen da.  Bezeroek beren liburuak aukeratuko dituzte eta, ondoren, postontzi batean uzten ahal dute dirua, edo Bizum-en bidez ordaindu. “Liburuak maite dituztenak Urrotzera etortzeko hirugarren aukera bat da. Beste leku batzuetan ere egiten hori, eta Yaonia eta biok fio gara jendearen borondate onaz” dio Javierrek.

Oraingoz, hiru liburu-dendak ostiraletan eta larunbatetan irekiko dira, 11:00etatik 20:00etara. Sei hilabeteren buruan, proiektuaren joera aztertuko dute. Gainera, hilean behin liburuekin zerikusia duen jardueraren bat antolatzeko asmoa dute.

“Liburuaren herria” ekimena Galesko Hay-on-Wye herrian hasi zen, 1961ean; gaur egun, 2.000 biztanle eta hogeita hamar liburu-denda inguru ditu. Espainiar estatuko lehenbiziko herria Urueña (Valladolid) izan zen. Urrotz-Hiria talde horretan sartu da orain.