Lizarraldean hamar lagun trebatu dira jasangarritasun-teknikari izateko Nafarroa Ezagutu Sareak eta eskualdeko bazkideek sustaturiko ikastaro bat eginez: bi hilabete baino gehixeago iraun du, eta amaiera-ekitaldia Abartzuzako Zumadia ikastetxean egin zen.

Emplea fundazioak eta Altekiok eman dute ikastaroa. Bi enpresak adituak dira taldeko eta sareko lan-metodologietan eta jasangarritasunera bideraturiko enplegu eta ekimenetan. Ikastaroan modu aktiboan parte hartu dute, orobat, Nafarroa Ezagutu Sareak eskualdean dituen zortzi guneek: Acedoko Basoko Etxea, Metautengo Boilurraren museoa, Allozko urtegia, Artabia eta Zudairiko ibai-hondartzak, Limitaciones mendia, Urederra iturburuko bidexkak eta Irantzuko Lurren bidexken sarea.

Hain zuzen ere, prestakuntza hori antolatzeko asmoa duela urte eta erdi agertu zen, proiektuaren lehen fasean, lurraldean eginiko diagnostikoan, orduan ikusi baitzen beharrezkoa zela jasangarritasun-teknikariaren lanbide-profila sortzea, baliabide naturalak dinamizatzeko eta eskualdeko bizilagunen eta bisitarien arteko oreka sustatzeko. Bigarren fasea, “Sareak ehuntzen” izenekoa, udaberrian gauzatu zen, eskualdeko eragileek lau topaketa egin zituztenean, eta gehienbat praktikoa izan den ikastaroarekin amaitu da.

Prestakuntzaren asmoa izan da jasangarritasuna naturagunetik ingurunerik hurbilenera hedatzea, eta hiru interesgune hauetan ardaztu da:

  • Programa eta egutegi bateratuak sortzea Lizarraldeko gune horietarako guztietarako.
  • Lurralde osorako kontakizun bateratu bat bultzatzea.
  • Bertako biztanleak suspertzea, ezagutza hedatuz eta gune horietan sor daitezkeen aukerak ikusaraziz.

Ikastaroa egiteko hamar lagun aukeratu ziren: zortzi emakume eta bi gizon (71 lagunek eman zuten izena). Prestakuntza zazpi modulutan banatu da: trebetasun bigunak, jakiteko ea norberaren profil pertsonala egokia den lana eskualdean egiteko eta zein den eskualdearekiko duen lotura, erronka globalak, tokiko eragileekin elkarrekintzan aritzeko tailerra, proiektuak planifikatzen hastea, ekimen eta proiektu jasangarriak diseinatzea, ingurumen arloko hezkuntza eta komunikazioa, eta lurraldean oinarrituriko proposamen zehatzak.

Amaierako jardunaldian, azken proiektuak aurkeztu zituzten. Lanak egiteko hiruko taldeak osatu ziren, eta ikasle batek koordinatu zituen hiru taldeak. Hauek izan dira proiektuak:  programa eta jardueretarako egutegi bateratu bat sortzea; bertako biztanleak suspertzea, ezagutza hedatuz eta naturagune horietan sor daitezkeen aukerak ikusaraziz, hori guztia boluntariotza sustaturik eta urtaroko azoka bat sorturik; eta lurralde osorako kontakizun bateratu bat bultzatzea (testua eta bideoa).

Bertaraturikoek hiru proiektuak txalotu zituzten, ekitaldira bildu baitziren Ezagutu Sareen guneetako ordezkariak, Gustavo Ortiz de Barrón lehendakariarekin batera, eta eskualdeko hautetsien ordezkariak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusikoak, TEDER-Tokiko Ekintza Taldekoak, Lursarea-Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziakoak, Irantzuko Lurrak elkarte turistikokoak eta Lizarraldeko Turismo Partzuergokoak. Orain, erakunde horiei dagokie jasangarritasun-teknikarien kontratazioa bultzatzea bai lurralderako eta bai Nafarroa Ezagutu Sareko beste gune batzuetarako.