Aurtengo eta datorren urterako deialdi honen helburua Sarea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarrian laguntzea da, erronka demografikoari aurre egiteko
Foru Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen deialdi bat onartu du aurtengo eta datorren urteko Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan lurralde garapen jasangarriko proiektuetarako, inbertsio gisa, 542.593 euroko aurrekontuarekin.
Diru-laguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak entitate kudeatzaileek gauzatu beharko dituzte Nafarroa Ezagutu Sarean dauden espazio eta ibilbideetan, eta balio erantsia eman beharko diote, lurraldearen jasangarritasunaren ikuspegitik, erronka demografikoari aurre egiteko, inbertsioaren xede den baliabideari edo haren eragin eremuari.
Beraz, helburua da elkartea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarriari laguntzea, erronka demografikoari aurre egiteko tresna gisa, ekintzailetza, enplegu berdea, gizarte-ekonomia eta elkartea osatzen duten espazio eta ibilbideekin lotutako mota guztietako ondarea balioan jartzea bultzatuz. Inbertsioa egiten den udalerriko despopulazio-mailaren indizea da emakidan baloratu beharreko elementuetako bat.
Deialdi honetarako aurreikusitako diru-hornidura 542.593 eurokoa da, 262.593 euroko karguekin 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan eta 280.000 euroko karguarekin 2025ekoan. Tokiko erakundeak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo elkarteak izan daitezke onuradunak: 2024an, lehen 182.593 euro bideratuko dira, eta, 2025ean, 200.000; elkarteen proiektuetarako, berriz, 80.000 euro emango dira urtero.
Inbertsiotzat hartutako obra eta jarduketak burutzeko egindako gastuak, hau da, ondasun edo kapital-zerbitzu inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten izaera immaterialeko ondasunak edo zerbitzuak sortzeko edo eskuratzeko egindako gastuak izango dira diru-laguntza jaso dezaketenak. Etorkizuneko inbertsio bati lotutako azterlan edo proiektuek ere diru-laguntza jaso ahal izango dute.
Gehienez 25.000 ekitaldi bakoitzeko
Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 80koa izango da, eta gehienez ere 25.000 euro emango dira erakunde onuradun bakoitzeko ekitaldi bakoitzean, partida bakoitzean eskura dagoen aurrekontua agortu arte, bereizita. Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu ahalko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita; laster eginen da hori. 2024rako hitzemandako jarduerak azaroaren 15a baino lehen justifikatu beharko dira, eta hurrengo urtekoak, 2025eko urriaren 31 baino lehen.
Jesús Mari Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak uste du Elkartea osatzen duten erakundeen inbertsioak babestu behar direla. “Uste dugu beharrezkoa dela Nafarroa Ezagutu Sarea babestea, naturagune babestuak, gune bereziak eta Nafarroako erabilera publikoko ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatzen duten elkartea, erronka demografikoari aurre egiteko eta lurralde-garapen iraunkorra sustatzeko, ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen hiru aldaeretan”.