ERRIBERA ETA ERRIBERAGOIENA

ERRIBERA ETA ERRIBERAGOIENA

Ebro ibaia da ibai guztien ama, eta hark ureztatzen ditu Nafarroako barazki ospetsuak ematen dituzten lur aberatsak, baina baita basamortua, idortasuna, musker eta basoiloen lurrak, eta negu-partean Bardean bazkatzen diren ardiak ere.

Ebroko Erribera bi zatitan banatzen da Nafarroako lurretan. Iparraldean, Erriberagoiena, pikillo piperren lurra, eta hegoaldean, berriz, Tutera hiriburu duen Erribera, zainzuriak, kardu gorri eta zuriak, borrajak, kukuluak, orburuak eta halako barazkiak ematen dituena. Eta, albo-alboan, Europa iparralderantz dagoen azken basamortua: Bardea, urak eta haizeak landutako formazio harritsu bitxien leku magikoa, eta, orobat, Pirinio aldetik transhumantzian jaisten diren Erronkariko artaldeen neguko babeslekua.

Labore-lurrak dira hauek, nekazarien lurrak, askotariko kulturak dituztenak. Parajeotan, orain mende asko elkarrekin bizi izan ziren arabiarrak, amazigak, juduak eta kristauak. Eta guztiek ere utzi zuten aztarnarik: ureztatze-kanalak, soro eta baratzeak lantzeko jakintza, aljama eta mairu-herriak, meskitak, sinagogak eta katedralak. Beti izanen dugu Ebro erreferentzia gisa, hango ibarbaso eta zuhaiztiekin. Baina topatuko ditugu Arga eta Aragoi ahizpa txikiak ere, zeinetan bizi baita bisoi europar iheskorra –galzorian dagoen mustelido honen koloniarik handiena–.

Hegoaldean zaude, eta nonahi izanen dituzu menestra, jota eta pertsona xume eta abegikorrak. Esploratzeko eta dastatzeko lekua.

ESPAZIOEN ETA IBILBIDEEN MAPA