ERDIALDEA ETA IZARBEIBAR-NOVENERA

ERDIALDEA ETA IZARBEIBAR-NOVENERA
Nafarroan naturak, historiak eta gastronomiak bat egiten duten tokirik bada, Erdialdea eta Izarbeibar-Novenera da hori. Aragoi eta Arga ibaiek zeharkatzen eta ureztatzen dute, eta lurrotan baratzeak eta mahastiak txandan-txandan ageri dira olibondo eta ibarbasoekin, aintzirekin edo etsaiak zelatatzeko talaiekin. Erdialdean dago Erriberriko Errege-erreginen Jauregia, eta ez alferrik… Hantxe egiten baitute ardorik onena; hantxe landatzen baitira baratxuriak, zainzuriak eta olibondoak; eta klima epela eta paisaia atseginak baitira nagusi parajeotan, samurrak, erraz zeharkatzeko modukoak.
Orbaibarko mendiak eta beste hainbat aurkituko ditugu, artadiak eta ibai-basoak, ibarbaso itxurako galeriak –zeinetan nahi bezalaxe bizi baita fauna–, eta aurkituko ditugu, orobat, aintzira ikusgarriak ere, Pitillaskoa, kasu, zeina mundu zabal osoko ornitologoek bisitatzen baitute, hegaztiak behatzeko.
Iruña Tafallarekin eta Tuterarekin lotzen duen bide nagusiaren albo banatan, Orbaibar eta hango Erdi Aroko elizak eta bizimodu pausatuak izanen ditugu. Bai eta Uxue ere, guztia urrunetik ikusteko talaia, inguru ezin hobea artzain-apurrak jateko. Magiak hartzen du Izarbeibar-Novenera eskualdea, Artaxoako harresi ikusgarriarekin edo Andelosko erromatar hiriarekin.
Milaka eta milaka urtean gizakiak bizileku izaniko naturaguneak eta espazio bereziak, paraje aberats izateagatik eraldatuak eta bizitakoak.