Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan lurralde-garapen iraunkorreko proiektuak gauzatzeko toki entitateentzako eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzako dirulaguntzak bihartik, apirilaren 22tik, datorren maiatzaren 21era arte eska daitezke, Nafarroako atari instituzionaleko izapideen fitxaren bidez.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioako eta Despopulazioako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 280.000 euro bideratuko ditu guztira deialdi horretara; horietatik 200.000 euro tokiko erakundeentzat izango dira, eta 80.000 irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat.

Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak, Nafarroa Ezagutu Sareko lehendakariordeak, azpimarratu du laguntza horien helburua dela “Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarrian laguntzea, erronka demografikoari aurre egiteko tresna gisa, ekintzailetza, enplegu berdea, ekonomia soziala eta berau osatzen duten espazio eta ibilbideei lotutako ondare mota guztien balioa azpimarratzea bultzatuz”.

Gastuen % 80 eta gehienez 25.000 euro

Dirulaguntzaren zenbatekoa instrukzio-organoak onartutako diruz lagun daitezkeen gastuen %80 izango da, gehienez 25.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko, partida bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte, bereizita. Entitate bakoitzak eskaera bat baino gehiago aurkez dezake deialdi honetan.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo ekintzak Nafarroa Ezagutu Sarean sartutako espazio eta ibilbideetan gauzatu beharko dituzte haien erakunde kudeatzaileek. Balio erantsia eman beharko diote, lurralde-jasangarritasunaren ikuspegitik, inbertsioaren xede den baliabideari edo haren eraginpeko eremuari, erronka demografikoari aurre egiteko.

Gastuak diruz lagungarriak izanen dira baldin eta obretan eta inbertsiotzat hartzen diren jarduketetan egiten badira, hau da, bideratuak badaude honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital- edo zerbitzu-ondasun inbentariagarriak eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak. Etorkizuneko inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak ere izaten ahalko dira diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak gauzatzeko epea 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2026ko urriaren 30ean bukatuko, beranduenez. Dirulaguntza emateko ebazpena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 3 hilabeteko epean, gehienez ere.