Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroa Ezagutu Sareko guneetan eta ibilbideetan proiektuak egiteko entitateentzako 262 090 euroko laguntza-lerroa ebatzi du. Deialdi horren bidez finantzatzen da lurralde horien kudeaketari eta garapen jasangarriari laguntzen dioten proiektuak edo ekintzak gauzatzea, erronka demografikoari aurre egiteko. Zehazki, 200 000 euro bideratu dira toki-entitateen hamaika proiektutara, eta gainerakoa irabazi-asmorik gabeko elkarteetara.

Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi eta Nafarroa Ezagutu Sareko lehendakariordeak emakidak aurkeztu ditu gaur eguerdian Garden, diruz lagundutako proiektuetako bat bisitatzeko. “Laguntza hauen helburua da Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten lurraldeen kudeaketa jasangarrian laguntzea, erronka demografikoari aurre egiteko tresna gisa, ekintzailetza, enplegu berdea, ekonomia soziala eta berau osatzen duten espazio eta ibilbideei lotutako ondare mota guztien balioa azpimarratzea bultzatuz”.

Jesús María Rodríguezek nabarmendu duenez, Gardeko intxaurrondoen ibilbidearen proiektuak helburu estrategikoak betetzen ditu eta “Erronkari ibarreko eskaintza turistikoa dibertsifikatzen laguntzen du, dagoen urtaroko turismotik kanpo baliabide berriak emanez”. Era berean, azpimarratu duenez, ekimen honek “ondare naturala eta kulturala batzen ditu, tokiko biztanleriaren pertenentzia-zentzua indartzen du, lurraldeari lotutako proiektu komunitarioen bidez biztanleria finkatzen laguntzen du eta belaunaldien arteko gizarte- eta kultura-jarduera handitzen du”.

Monumentu naturala

Garderen proiektuak, iaz Nafarroa Ezagutu Sareari erantsi zitzaionak, hirigunearen barruan dauden 54 intxaurrondoak kokatu, seinaleztatu eta balioztatzea barne hartzen du. Horien artean, abenduaren 1eko 87/2009 Foru Dekretuak monumentu natural izendatutako bat dago, baita herritarrek eta bisitariek ezagutu ahal izateko oinarrizko baliabideak eta baliabide digitalak sortzea ere.

Bisitan, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia Erika Ergueta alkatearekin izan da. Alkateak adierazi duenez, “ez dugu ibilbide turistiko seinaleztatua izatea nahi, baizik eta zuhaitz berezi horiei lotutako herriaren historia ezagutzeko esperientzia bat, Garderen iragana, oraina eta etorkizuna kontatzen dituena; izan ere, egungo bideaz gain, intxaurrondo-haztegi bat utzi nahi dugu ondare gisa, ibilbidea hurrengo urteetan elikatzen duena”.

Nafarroa Ezagutu Sareak Nafarroako naturguneak, gune bereziak eta ibilbide interesgarriak kudeatzen dituzten ehun bazkide inguru ditu. Lankidetzarako, ezagutza trukatzeko eta sarean lan egiteko gunea da, eta espazio eta ibilbide horiek sustatzea du helburu, jasangarritasunaren hiru ardatzen bidez (soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa), despopulazioaren aurka borrokatzeko.

Honekin batera doa hautatutako 15 proiektuen taula, erakunde titularra, puntuazioa, aurrekontua eta emandako dirulaguntza barne.