Plazaolako Bide Berdea – Natura Bideak seinaleztapen berri, argiago, homogeneoago eta irisgarriagoa du, Plazaola Turismo Partzuergoak eta Lekunberriko Udalak elkarrekin sustatutako jarduketari esker. Jarduketa hori Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Turismo Jasangarritasun Planaren (PSTD) barruan garatu da.

Proiektuak 131.088,39 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne), eta Plazaolako Bide Berdea – Natura Bidearen Nafarroako tarteko seinaleztapena ia erabat berritzea ahalbidetu du, Mugiroko aldaera barne.

Jarduketa Cederna-Garalurrek eta Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako PSTDaren barruan egin da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatuta.

160 elementu berri baino gehiago eta seinaleztapen irisgarriagoa
Jarduketaren baitan, zaharkitutako seinaleak kendu eta 160 elementu berri baino gehiago jarri dira, besteak beste, informazio-panelak, norabide-seinaleak eta prebentzio-seinaleak, baita interpretazio-panel tematikoak ere. Lan horiek Ekilan SL enpresak egin ditu.

Proiektuaren helburu nagusietako bat informazioan irisgarritasun unibertsalaren irizpideak txertatzea izan da. Euskarri berriek braillea, erliebe-elementuak eta irakurketa errazera eta hizkuntza argira egokitutako edukiak dituzte, gaitasun eta behar desberdinak dituzten pertsonek informaziora errazago iristeko.

Seinaleztapena, gainera, tresna digitalekin osatu da, besteak beste, NaviLens kodeekin. Horien bidez, ibilbideari lotutako eduki digitaletara sar daiteke, eta erabiltzaileen autonomia hobetzen da. Jarduketa hori Fundación Iddeas fundazioak egin du.

Plazaolako Bide Berdea – Natura Bidearen panel irisgarri berriei buruzko informazio guztia Plazaolako webgunean kontsulta daiteke: https://plazaola.eus/paneles-accesibles-camino-natural-del-plazaola/

Ibilbide osoa planifikatzeko egindako lana
Jarduketa ibilbide osoa zeharkatu eta ordura arte zegoen seinaleztapenaren inbentarioa eginez hasi zen. Bildutako informazio guztia GIS datu-base batean jaso zen, elementu bakoitzaren tipologia, kontserbazio-egoera eta egin beharreko jarduketak identifikatuz. Lan hori Bidea Outdoor enpresak egin du, eta seinaleztapen homogeneoagoa ezartzea eta etorkizunean haren kudeaketa eta mantentze-lanak erraztea ahalbidetu du.

Seinaleztapenaren hobekuntza hainbat administrazio eta erakunderen arteko lankidetzaestrategiaren barruan kokatzen da, Plazaolako Bide Berdea – Natura Bidea lurraldeko natura eta turismo aktiboko baliabide nagusietako bat bezala sendotzeko.

Prozesu horretan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, Natura Bideen Programaren bidez, funtsezko eginkizuna izan du Nafarroako Plazaolako Bide Berdea – Natura Bidearen hainbat tarteren berreskurapenean eta egokitzapenean. Horri esker, antzinako trenbidearen trazadura berreskuratu eta oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko ibilbide bihurtu ahal izan da.

Era berean, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak esku hartu du Sarasa-Iruñea azken tartearen berreskurapenean, bai eta ibilbideko hainbat tarteren irisgarritasuna hobetzen ere, guztira 12 kilometrotan, Next Generation EU funtsen laguntzarekin.

Seinaleztapen berria, beraz, beste urrats bat da baliabide honen hobekuntzan. Irisgarritasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna txertatuz, lagundu egiten du Plazaolako Bide Berdea – Natura Bidea pertsona gehiagok gozatu ahal izan dezaten.

Jarduketa Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Turismo Jasangarritasun Planaren (PSTD) esparruan garatu da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, Europar Batasunak – Next Generation EU funtsen bidez – finantzatuta.