Nafarroa Ezagutu Sareko edukiera kontrolatzeko tresnak guztira 14.140 erreserba zenbatu ditu aurten bertako espazio eta ibilbideetan, elkarteak erakunde bazkide baten egoitzan, Astitzeko Mendukilo kobazuloan, gaur arratsaldean egin duen ohiko batzar orokorrean ezagutzera eman duenaren arabera.

Nafarroa Ezagutu Sarea Foru Komunitateko natura-gune babestuak eta erabilera publikoko espazio bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten 60 erakunde baino gehiagok osatutako elkartea da, eta esperientziak trukatzeko, sarean lan egiteko eta baliabideak optimizatzeko topagunea dela esan daiteke. Horrez gain, espazio horietako bisitarientzat eskaintza eta zerbitzua hobetzeko lan egiten du, tokiko erakundeei eta beste erakunde batzuei lagunduaz, toki-garapenean eta herrietako enpleguaren sorreran aritzen diren toki horien kudeaketa iraunkorra egiteko.

Leurtzako Urtegia Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzari esker konektatuta da aurten eta Riezu ibilbidea – Ubagua Ibaia ere bai, elkartearen edukiera kontrolatzeko erremintan sartuaz, atxikitako espazioak 14 izanik, masifikazioa saihestu eta landa-eremuetako bisitarien eta bizilagunen arteko bizikidetza eta kontserbazioa hobetze aldera. Hobekuntzak gehitu dira erabiltzaileentzat (Bizum bidez ordaintzea) eta kudeatzaileentzat, tartean, aginte-taula bat, ibilgailuen, taldeen edo pertsonen erreserbari buruzko informazio eta guzti, bisitarien profila edo zonan sortutako eragin sozio-ekonomikoa aztertu ahal izateko.

Nafarroa Ezagutu Sareko lehendakari eta Plazaola Kontsortzio Turistikoko zuzendari kudeatzailea den Gustavo Ortiz de Barronek, Sareko lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia den Ruben Goñik eta Nafarroako Gobernuko eta Lursareako (Nafarroako Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentzia, Nasuvinsaren eremu gisa) teknikariek aurten egindako eta datorren urtean burutu nahi diren jarduerak errepasatu dituzte.

Diru-laguntzak

Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak 182.666 euroko diru-laguntzak eman dizkie Sareko kide diren erakundeei, 2022an. Guztira 13 proiektu gauzatu dira, 10 toki-erakundeenak eta 3 irabazi asmorik gabeko elkarteenak. Proiektuek inbertsio-izaera izan behar zuten, balio erantsi bat ematearekin batera inbertsioaren xedeko baliabideari edo haren eragin-eremuari, lurraldearen iraunkortasunaren ikuspegitik.

Diru-laguntza jasotako proiektuen artean, ondorengoak nabarmendu daitezke: Irati-Abodi Espazioko Bidezidorren Sarea egokitzea eta zabaltzea, Iruñerriko Ibai Parkean Itaroa eta Uharte konektatzen dituen Berroako bidea argiztatzea, Zugarramurdiko kobazuloa bisitatzeko ibilbidea zabaltzea Akelarreko Belardiarekin eta Infernuko Zubiarekin  konektatzeko, eta Zubietako Errota Ekomuseorako oinezko sarrera hobetzea.

Datorren urtean, inbertsioen deialdia errepikatu nahi da Nafarroa Ezagutu Sareko espazio eta ibilbideetan garapen sozial iraunkorreko proiektuak gauzatzearren.

Iraunkortasun-arloko langileak

Guztira hamar pertsona iraunkortasun-teknikari gisa trebatu dira Sakana-Plazaola-Aralar eta Bidasoa-Leurtzan 2022an, iazko formula errepikatuaz (iaz, Lizarraldean-Lizarran trebatu ziren). Gainera, bi zonetan hiru pertsona kontratatu dira. Datorren urtean, prestakuntza eta kontratazioa burutu nahi dira Iruñerrian eta Pirinioaurrean eta Zangozan. Teknikariaren figura oso ondo baloratu dute espazioetako erabiltzaileek nahiz horien kudeatzaileek.

Prestakuntza bi ikastarorekin osatu da: “Tratua eta elkarreragina pertsona ezinduekin Sareko ingurune naturaletan” eta “Komunikazio-trebetasunak eta gatazken konponketa”.

Batzarrak bere barne-araudi berria onartu du; bertan, espazio zehatz bat ez duten aditu eta kolaboratzaileentzako elkartekidearen figuraren definizio berria sartu da. Bazkideak diren erakundeen eskubideak eta betebeharrak ere osatu dira; hau da, batzar orokorretara joatea, sareko lana eta urteko Lan-plan bat egitea, garapen iraunkorrarekin loturiko 3 ekintzarekin gutxienez.

Ildo horretan, honako hauen altak onartu dira: Erronkariko Udala (bainu-gunea), Lesakako Udala (BTT Bizibide Ibilbideen Sarea), Ultzama Fundazioa (Orgiko Basoa ARN), Lizasoko Kontzejua ordezten duena, eta Valdorbako Garapenerako Elkartea, nahiz Ezkarozeko Udalak (Ezezko Uraren Bidea), bazkide berri gisa. Horrez gain, Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoak Nafarroako Erdialdeko Ibilbideak osatu ditu oinezko bidezidorrekin. Modu horretan, Nafarroa Ezagutu Sareak 53 erakunde bazkide eta 16 elkartu ditu.

Bestalde, lantzen ari diren proiektuen berri eman da: batetik, Berdesiari emandako laguntza espazioa hobetzeko eta Tafalla inguruan leku naturalizatuago baterantz aurrera egiteko bideen arteko esku-hartze proiektuan; eta, bestetik, Urumeakoa, Goizueta eta Aranoko bainu-eremuen inguruko diagnostikoa eta hondakinen, erabileren eta masifikazioaren arazoak konpontzeko prozesu parte-hartzailea.

Azkenik, elkartearen web gunea berritzeko komunikazioan egindako lanaren berri eman da. Guneak 3.000 erabiltzaile inguru eta 8.320 bisita izan ditu, gaztelaniaz eta euskaraz 150 albiste edo ekitaldi eskaini ondoren. Sare sozialetako argitalpenak 111.394 izan dira Facebooken eta 24.218 Instagramen.