Zortzi erakunde sartu dira Nafarroa Ezagutu Sarean, elkartearen batzar orokorrak irailaren 23an berretsi baitzuen zuzendaritza-batzordeak elkarte horiek onartzeko erabakia. Batzar horretan, besteak beste, jasangarritasun-teknikarientzako prestakuntza-ikastaro aitzindari bat aurkeztu zen. Estellerrian eginen da, irailaren 30etik abenduaren 2ra.
Lau erakunde bazkide gisa sartu dira, eta beste lau kide gisa. Zehazki, bazkide berriak honako hauek dira: Artabiako Kontzejua, Urederraren ur naturaleko bainu-eremuarekin; Eslabako Udala, Santa Crizekin; Aezkoako Batzarrea, Orreaga-Irati kontserbazio bereziko eremuarekin eta mendiko bizikletetarako ibilbideekin; eta Nabaskozeko Kontzejua, Benasako arroilako bainu-eremuarekin. Kide gisa, aldiz, hauexek sartu dira: Aurizko Udala, Arrobiko bordekin; Nafarroako Hego Nafarroa Kirol Mankomunitatea, bizikleta-ibilbideen sarearekin; eta Arano eta Goizuetako Udalak, Urumea ibaiaren arroarekin.
Batzarra online egin zen, COVID-19a prebenitzeko, eta honako hauek izan ziren buru: Gustavo Ortiz de Barrón, Plazaolako kudeatzailea eta Nafarroa Ezagutu Sareko presidentea, eta Rubén Goñi, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia eta Sareko presidenteordea.
Bileran Nafarroako Gobernuaren aurtengo dirulaguntzen deialdiaren berri eman zen. Deialdira aurkeztutako 21 proiektuetatik 13k jaso dute dirulaguntza, eta partidako 200.000 euroak ia-ia agortu ziren. Hurrengo urteko deialdirako hobekuntzak planteatu ziren, gauzatzeko denbora gehiago emateko.
Bestalde, barne-araudi berri bat lantzen ari da, eta, bertan, sarekideen tipologia berri bat jasoko da; horren arabera, sarean sartuko lirateke, besteak beste, elkartutako espaziorik ez duten baina sarean parte hartu nahi duten erakunde laguntzaileak.
Edukiera kontrolatzeko tresnaren hobekuntzak ere azaldu ziren: ingelesera eta frantsesera itzuli da, denbora errealeko okupazioaren mapa plazaratu da, eta aurten nabarmenki gora egin duen espazioen erabilera zehazten duten estatistikak daude eskuragarri. Horri esker, bisitariek ikus dezakete leku bat beterik dagoen eta, hala bada, beste bat aukeratu. Hain zuzen ere, masifikazioari eta bisitarien gizalegearen kontrako jokabideei buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat egin zen, eta kanpaina horren bideoak 364.000 aldiz ikusi dira Nafarroa Ezagutu Sarearen Facebookeko orrian.
Jasangarritasun-teknikariak prestatzeko ikastaroa
Era berean, gogorarazi zen eragingarria izan zela udan Allotzen, Leurtzan eta Urbasan jasangarritasun-teknikariak egotea eta jarduerak antolatzea bertakoentzat eta bisitarientzat, iraunkortasuneko 3 ardatzetan: soziokulturala, ekonomikoa eta ingurumenekoa.
Orain, beste urrats bat eginen da lanbide-profil berri horren inguruan, Zudairi, Lerate, Metauten eta Acedon “Sareak ehuntzen” izeneko topaketan ondorioztatu bezala. Hala, irailaren 30etik abenduaren 17ra bitartean jasangarritasun-teknikariak prestatzeko ikastaro bat antolatuko da, prozesu batean hautatutako hamar lagunentzat. Prozesu horretan 71 hautagai aurkeztu ziren.
Prestakuntza horrekin batera, ezagutza partekatuko bi gune edo lantalde sortu nahi dira: bata, Nafarroa Ezagutu Sareko Estellerriko espazio bazkideen kudeatzaileek osatua; eta bestea, jasangarritasunaren ardatzei lotutako hiru sektoreetan erreferente diren pertsonek osatua. Hasiera batean, bereizirik arituko dira, eta, geroago, ezagutza partekatuko bi gune horietako bakoitzean sortutako ekarpen eta ekimenen parte izanen dira.
Era berean, bi lantaldeek prestakuntzaren edukia elikatuko dute haien ezagutzekin: lurraldeari buruz, lehen taldean, eta oreka iraunkorra lortzeko moduari buruz, bigarrenean. Bi guneen eta prestakuntza-ikastaroko partaideen artean garatutako sinergiek ekintza-formulak sortuko dituzte bi helburu hauek betetzeko: naturagunean kudeaketa iraunkorra lortzea, eta baliabide naturaletik lurralde hurbilenera jasangarritasuna proiektatzea.