Pasa den irailaren 30ean, jasangarritasun teknikarien prestakuntza hasi zen, Estellerriko Nafarroa Ezagutu Sareko naturaguneetan eta gune berezietan oinarritua. Prestakuntza horrek abenduaren 2ra arte iraunen du, eta Abartzuzako AndiaLanean emanen da, hau da, Andia Mankomunitatearen elkarlanerako gunean.
Lurraldeari lotutako hamar lagun ari dira prestakuntza jasotzen, baina 71 hautagai aurkeztu ziren hautaketa-prozesuan. Ezagutu Sareak udan Zudairin, Leraten, Metautenen eta Acedon antolatu zituen “Sareak ehuntzen” izeneko topaketan ondorioztatu zen, besteak beste, lanbide-profil berri hori behar zela.
Prestakuntzaren xede den multzoa Estellerriko sareko espazioek osatzen dute, zehazki, ibilbide hauek: Urederra, Limitaciones mendia, Zudairi eta Artabiako bainu-eremuak, Allotz urtegiko bainu-eremuak –Ugar eta Lerate–, Irantzuko lurretako bidezidorrak, Metautengo Boilurraren museoa eta Acedoko Basoaren Etxea.
Ikastaroan, Nafarroa Ezagutu Sareko eta haren lurralde-eragineko eremuko gune horietan identifikatutako erronkak eta beharrak landuko dira. Hiru dira lortu beharreko erronka horiek:
- Jasangarritasunaren hiru ardatzei lotutako edukia duen programa bat sortzea, espazio horien erabiltzaileei eta tokiko biztanleei zuzendua.
- Naturagune berezi horien guztien kontakizun edo diskurtso komuna sortzea.
- Espazio horiek guztiek partekatzen duten ondareari buruzko ezagutza eta interesa transferitzea.