Nafarroako Gobernuak 233.018 euroko diru-laguntzak eman dizkie Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten erakundeei. Sare hori Nafarroako naturagune babestuak, gune bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatzen dute. Diru-laguntza bi deialdiren bidez eman da. Bi deialdi horiek Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak bultzatu ditu, toki-erakundeei eta lurralde-garapen iraunkorreko proiektuetarako elkarteei zuzenduak eta jasangarritasun-programetan langileak izateko.
Lehenengo deialdian 15 proiektuek jaso dute diru-laguntza, 12 toki-erakundek eta 3 irabazi-asmorik gabeko erakundek. Proiektuek inbertsio-izaera izan behar zuten, eta balio erantsia eman behar zioten, lurralde-jasangarritasunaren ikuspegitik, inbertsioaren xede den baliabideari edo haren eragin-eremuari. Organoak onartutako aurrekontuaren % 80 diruz lagundu da.
Diruz lagundutako proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Burgiko ibai-igerilekua handitzea, harrera-gune gisa balioko duen etxola bat eraikitzea, Irati-Abodi guneko bide-zidorren sarea egokitzea eta handitzea, Iruñerriko Ibai Parkean Itaroa eta Huarte lotzen dituen Berroako bidea argiztatzea, Zugarramurdiko pasabidearen ibilbidea handitzea Akelarre Soroa eta Inpernuko zubiarekin lotuz, eta Zubietako Errotako Eko-museoara sartzeko pasabidea hobetzea.
Lehen deialdi honen helburua da Nafarroa Ezagutu Sarea lotutako espazioen lurralde-garapen jasangarrian laguntzea, Nafarroako lurralde-oreka eta iraunkortasun-printzipioak (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) sustatuz; ekintzailetza, enplegu berdea eta gizarte-ekonomia bultzatuz espazio eta ibilbide horien inguruan; eta natura-, ekonomia-, gizarte-, kultura- edo osasun-ondarea balioetsiz.
Orbaizetako Ola
Bigarren deialdia jasangarritasunaren hiru ardatzei (ekonomikoa, ingurumenekoa eta kulturala) lotutako proiektuak edo jarduera-programak diruz laguntzera bideratuta egon da, horiek gauzatzen duten langileen gastua barne har baitezakete, gehienez 12.000 euro proiektuko. Aezkoa Ibarreko Batzar Orokorra izan da onuradun bakarra, eta proiektu bat aurkeztu du udan Orbaizetako Kultur Ola Harrera Zentroa ireki ahal izateko, hiru pertsona kontratatuta.
Nafarroa Ezagutu Sarea naturgune babestuak, espazio bereziak eta erabilera publikoko ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatutako elkarte bat da, Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia buru duena.