Astitzen dagoen Mendukilo leizeak 20 urte bete ditu jendearentzat ireki zenetik. Uztailaren 22an ospatu dute, eguerdiko 12etan Larraun bailaran edo Lekunberriko Udalean erroldatuta daudenek euskarazko doako bisita gidatuekin. Gainera, bisitak gaztelaniaz egin dira, %50eko deskontuarekin 11:00etan eta 13:00etan.

20 urte hauetan, 400.000 pertsona baino gehiago —ikasle, jubilatu, familia, gazte eta adin guztietako bisitari— murgildu dira leize honen sakoneretan, lur azpi harrigarri bat ezagutuz.

Hasieratik, Mendukiloko Leizea, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioa, ingurumen hezkuntzako erreferente bihurtu da, bereziki ikasle taldeentzako pentsatutako proposamen didaktikoekin.

Bisiten bidez, honako edukiak lantzen dira bertan: lurpeko ekosistemak, geologia, uraren zikloa, exokarsta eta endokarsta, baita historiaurrea ere, betiere adin bakoitzari egokitutako ikuspegi interaktibo batetik.

Gune honen filosofiaren oinarrian, ingurumenarekiko errespetua, ingurumen-sentsibilizazioa eta jakintza zientifiko eta kulturalaren zabalkundea daude. Esperientzia eraldatzaileak sustatzen da, hausnarketarako, jakin-minerako eta ondare naturalaren zaintzarako gonbita eginez.

Leizearen kudeaketa bertako erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da: Larraungo Udala, Lekunberriko Udala, Plazaolako Turismo Partzuergoa eta Astitzeko Kontzejuaren artekoa.

Iraganera egindako bidaia

Mendukilok ez zuen bere historia duela 20 urte hasi. Mendeetan zehar, artzainen aterpe eta biltegi natural modura erabili izan da. XX. mendearen amaieran, espeleologian adituak aztertzen hasi ziren xehetasun handiagoz, bere aberastasun geologikoa eta hezkuntza-potentziala agerian utziz. Azkenean, 2005ean, jendearentzat egokitu zen, betiere ingurunea eta berezitasuna errespetatuz.

Urte hauetan zehar, leizea hainbat ekitaldiren eszenatoki izan da: abesbatzen kontzertuak, liburu-aurkezpenak, antzezpenak, geologia, biologia, artea eta beste hainbat disziplina batzuetako profesionalekin egindako esperientziazko bisitak… Horrela, lurra ikusi eta entzuteko modu berriak zabaltzen dituen espazio bizia eta moldakorra bihurtu da Mendukilo.