Jesús Mari Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak Nafarroa Ezagutu Sareko Batzarrean, Nafarroako Gobernuak Elkartearekin duen konpromisoa azpimarratu zuen atzo, Sarea indartu eta zabaltzeko helburua jasotzen duen Gobernuko Akordio Programatikoa betez.
Gainera, 2024rako eta 2025erako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdi berriko zenbatekoa handitu eta urte anitzeko izaera izango dutela iragarri zuen. Erakunde eta urte bakoitzeko diru-laguntza bat jaso ahal izango da, eta onartutako aurrekontuaren % 80a finantzatuko dute, gehienez ere 25.000 euro.
Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak 542.593 € bideratu ditu diru-laguntza horietara bi urterako, 382.593 € toki-erakundeentzat eta 160.000 € irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat. Gastuak 2024ko edo 2025eko urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dira. Iaz, guztira, 206.632 euro ordaindu ziren.
Nafarroa Ezagutu Sarea Nafarroako naturagune babestuen, gune berezien eta erabilera publikoko ibilbideen entitate kudeatzaileek osatutako elkartea da, esperientziak trukatzeko, sarean lan egiteko edo baliabideak optimizatzeko topagune gisa agertzen dena. Gainera, sareak gune horietako bisitarientzako eskaintza eta zerbitzua hobetzeko lan egiten du, jasangarritasunaren eta tokiko garapenaren printzipioetatik abiatuta.
Atzo arratsaldean Untzuen egindako batzarrean, bost kide berri sartzea onartu zen (lau bazkide eta erakunde elkartu bat), eta, beraz, gaur egun 86 dira guztira. Horrela, 2018an 17 bazkiderekin jaiotako Elkarteak hazkunde esponentzialarekin jarraitzen du, iaz hogei bat erakundek bat egin ondoren.
Aurten Nafarroako Ezagutu Sarean sartu dira Oibarko Udala, Artamendia gune berezia eta Nordic walking ibilbideeekin; Cintruenigoko Udala, Llano ibaia, uraren ibilbidearekin; Los Arcoseko Udala, Los Arcoseko ibilbideekin; Baztango Udala, Oinaska ur jautzia eta baritako minak eta Elbete ibilbideekin; eta Corellako Biciclistas Elkartea, azken hau bazkide aditu gisa. Gainera, Fiteroko Udala bazkide zen jada, eta ibilbide berri bat sartu du Sarean: Olmigueteko talaia.
Zuzendaritza batzorde berria
Zuzendaritza batzordean mantentzen dira Gustavo Ortiz de Barrón, Plazaola Partzuergo Turistikoko gerentea, eta Charo Apezteguía, Iranzuko Lurrak elkarteko gerentea, eta Ainhoa Aguirre, Zugarramurdiko Sorginen Museoko eta Leizeko zuzendari-gerentea.
Jesús Mari Rodríguez, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, sartu da lehendakariorde gisa, Ruben Goñi, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusi ohiaren ordez, legegintzaldi honetan elkartea atxikita dagoen administrazio-unitatea aldatu ondoren. Gainera, Gorka Garcíaren, Corellako alkatearen ordez, bokal hauek sartu dira: Aitor Sola, Erromantzatuko alkatea, Francesca Mariani, Eslavako Udaleko ordezkaria, eta Beatriz Ochotorena, Ultzama Fundaziokoa. Honela, batzordea zazpi kidek osatuko dute, bostek osatu beharrean.
Edukiera kontrolatzea eta formakuntza
Batzarrean, 2023an egindako ekintzak errepasatu dira, eta, horien artean, nabarmendu behar da edukiera kontrolatzeko tresnari bost espazio berri gehitu zaizkiola. Tresna horri esker, toki-erakundeek edukiera eta bisitari-kopurua kontrola ditzakete, eta, guztira, 18 espaziok erabiltzen dute. Tresna honekin araututako espazio berriak dira Irulegi multzoa, Aralar, Abaurregainako barruti mikologikoa, Errezuko Ubagua ibaia eta Orbaibar Elkarteko kudeatzen duen ondare erromanikoa. Iaz 12.457 erreserba erregistratu ziren 18 espazioetan.
Batzarrean 2024ko Ekintza Plana ere aurkeztu da. Diru-laguntzez gain, Formakuntza Plana nabarmendu behar da, iraunkortasuneko teknikarien ikastaroa estandarte gisa hartuta. Ikastaro hau, apirilaren 16tik ekainaren 12ra bitartean, Azkoiengo Kultur Etxean egiten ari dira dozena bat pertsona. Erriberako eta Erdialdeko lurraldeen behar eta arazo errealetan jartzen du arreta, espazioak eta ibilbideak kokatuta dauden eremuetako iraunkortasunaren eta lurralde-garapenaren inguruan.
Gainera, datozen asteetan goizeko ikastaroak egingo dira Nasuvinsan. Maiatzaren 27an egingo da bat, sareko espazioen eta ibilbideen kudeatzaileak sentsibilizatzeko, kudeatzen dituzten azpiegituretan irisgarritasuna sartzearen garrantziaren inguruan; ekainaren 5ean, edukiera kontrolatzeko tresnaren erabilerari buruzko beste saio bat egongo da; eta ekainaren 6an, komunikazio-trebetasunei eta gatazkak konpontzeari buruzko bat.
Batzarraren ondoren, Orbaibar Elkarteko anfitrioiak, Alexandré Duró eta Aimar Esainen eskutik, Untzueko kultur ondarea egituratzen duen elementu gisa urak duen garrantzia erakutsi dute.