Nafarroako Gobernuak Sarearekin duen konpromisoa berretsi du gaur arratsaldean Deierrin egin den Ohiko Batzar Nagusian. Bertan, Urteko Plan Operatiboa ere onartu da, eta Sarean hiru tokiko erakunde berri sartu dira.
Gaur arratsaldean Deierrin egin den Nafarroa Ezagutu Sarearen Ohiko Batzar Nagusiak elkartearen lehen Plan Estrategikoa eta Urteko Plan Operatiboa onartu ditu, natura eta kultura ondarea babesteko, ekonomia berdea sustatzeko eta landa eremuetako bizi kalitatea hobetzeko.
Plan Estrategikoak bost helburu nagusi ditu bere egitura sendotzeko eta Sareko gune eta ibilbideen kudeaketa iraunkorrean aurrera egiteko. Sarearen gobernantza eta koordinazioa indartzea, atxikitako espazioen kudeaketa eta garapena erraztuko dituen elkarlaneko lan-eredu bat sustatuz; bazkide diren entitateen artean ezagutza sortzea eta partekatzea, eta iraunkortasunaren arloko berrikuntza eta prestakuntza sustatzea; lurraldearen jasangarritasunean eragin positiboa bultzatzea, kudeaketa-eredu arduratsu eta jasangarriak sustatuz; Sareko gune eta ibilbideen garrantzia zabaltzea, haien balioaz sentsibilizatzeko eta haien kontserbazioa sustatzeko; eta, azkenik, Sarearen jasangarritasun ekonomikoa bermatzea, finantziazio-iturriak dibertsifikatuz, diru-sarrera bakar batekiko mendekotasuna murrizteko.
Gainera, 2025erako Urteko Plan Operatiboa onartu da, ezarritako helburu estrategikoekin bat egiten duena eta Nafarroa Ezagutu Sarearen lana indartzeko hainbat ekintza estrategiko jasotzen dituena. Horien artean, nabarmentzekoak dira ordenantzen biltegi komun bat egitea, bazkide diren erakundeentzat erreferentzia izango dena espazioak arautzeko eta kudeatzeko; kudeaketa jasangarriari buruzko azterlanak garatzea, bisitarien fluxuen antolaketan eta erantzukizun zibilean zentratuta; Sareko bazkide diren erakundeen behar espezifikoetara egokitutako trebakuntza-proposamen bat diseinatzea; bazkide desberdinekin lan-mahaiak bultzatzea funtsezko gaiak lantzeko, hala nola kudeaketa jasangarria eta kultura-ondarearen balorizazioa; eta erreserben tresnan hobekuntzak egitea, funtzionamendua optimizatuz espazioen kudeaketa errazteko. Gainera, prestakuntza integraleko programa bat ezarri da, Nafarroa Ezagutu Sareko guneak desgaitasuna duten pertsonentzako ingurune irisgarri bihurtzeko.
Plan horien onarpenarekin, Nafarroa Ezagutu Sareak Foru Komunitateko natura- eta kultura-ondarearen jasangarritasunarekiko eta kudeaketa eraginkorrarekiko duen konpromisoa indartzen du, eta sareko lanaren eta erakunde bazkideen arteko lankidetzaren alde egiten du.
Era berean, Batzarrak hiru toki erakunde berri gehitu dizkio Nafarroa Ezagutu Sareari: Ablitas, gazteluarekin eta erromatar hiribilduarekin; Ribaforada, adreilu fabrikarekin; eta Arguedas, kobazuloekin. Bazkide egin ondoren, 90 dira guztira bazkide diren erakundeak.
225.000 euro lurralde garapen jasangarrirako diru-laguntzetan
Ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasuna integratuko duen garapen orekatua sustatzeko helburuarekin, biztanleriaren errotzea eta landa-eremuen hobekuntza bultzatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 225.000 euroko laguntzak eman zituen 2025. urte honetarako, Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten espazio eta ibilbideetan lurralde-garapen jasangarria lortzera bideratutako proiektuetarako. Kopuru horretatik 200.000 euro tokiko erakundeetara bideratu dira eta gainerako 25.000 euroak irabazi asmorik gabeko elkarteetara.
Ekimenak Sarean dauden gune eta ibilbideetan gauzatu behar dira, eta balio erantsia eman behar dute lurralde-iraunkortasunari dagokionez, erronka demografikoari aurre egiten dioten jarduerak sustatuz. Ekintza horien helburu nagusien artean daude ekintzailetza, ekonomia berdea, ekonomia soziala eta lurralde horiei lotutako ondare natural, kultural eta paisajistikoari balioa ematea.
Ekintza horiek, erronka demografikoari aurre egiten laguntzeaz gain, gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzen dute, tokiko komunitateei nahiz Nafarroako gizarte osoari mesede egiten dien garapen-eredu bat sustatuz.
Landa-ingurunea modu jasangarrian eta errespetuz kudeatzeko tresnak
Nafarroa Ezagutu Sarea ere bisitarien esperientzia hobetzeko lanean ari da, betiere iraunkortasun printzipioak errespetatuz. Web orriaren bidez www.redexploranavarra.es, erabiltzaileek Sarea osatzen duten espacio eta ibilibideak ezagut ditzakete, bisiten plangintza egin eta jardueretarako eta aparkalekuetarako erreserbak egin.
Online erreserben plataforma horri esker, denbora errealean kudea daiteke espazioen okupazio-maila, masifikazioak saihestuz eta ingurune naturalen kontserbazioa bermatuz. Hala, bisitarien eta bertako biztanleen arteko bizikidetza orekatua ziurtatzen da, ingurumena babesteko eta landa-eremuen garapen jasangarriarekiko konpromisoa sendotuz.