Nafarroa Ezagutu Sarea presente egon da Pirinio Biziak hezkuntza sarearen mugaz gaindiko topaketan. Topaketa Paueko (Frantzia) Beaumont jauregian egin da, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an.

Pirinio Biziak hezkuntza sarea mendikateaz ideia komun bat duten entitateek osatzen dute, eta toki hauetakoak dira: Akitania Berria, Andorra, Aragoi, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Okzitania. Sarearen helburua da ingurumen-hezkuntzako eta garapen jasangarriko ekintzak sustatzea.

Nafarroa Ezagutu Sarea sare horren helburuetatik oso hurbil dago bere naturaguneak, espazio bereziak eta ibilbideak jasangarritasunez garatu eta kudeatzeko helburua betetzeko orduan, eta bi jardunalditan parte hartu du, ponentzia eta eztabaidetan lantzen den gai nagusia dela eta (Hezkuntza eta Ekoturismoa).

Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko Jasangarritasunaren eta Informazioaren Atalak azaldu du, lehenengo egunean, eredu berriak behar direla naturaguneak kudeatzeko eta dinamizatzeko, 2030 Agendak garatzen dituen jasangarritasunaren hiru ardatzei begira.

Horretaz gain, ekimen bat azaldu du jasangarritasunaren profil profesional berri bat sortzeko, helburu duena modu sortzaile, estrategiko eta integratzailean erantzutea Covid 19ak natura-aisian agerian utzi dituen arazoei; izan ere, jende askok egiten du aisialdi mota hori eta horrek ondorioak ditu gune horietako landa-biztanleriaren ingurunean.

Bestalde, Lursareak (Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia) Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetako edukiera kontrolatzeko tresna aurkeztu du topaketa honen bigarren egunean.