Nafarroako Ezagutu Sareak Sare Irisgarria programa sustatzen du, prestakuntza ekintza eta esperientzia inklusibo berriekin, pertsona guztiei Foru Komunitateko naturaguneetara eta ondareguneetara sartzea errazteko. Ekimena Sarearen lanen baitan kokatzen da, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren babesa du, eta Nasuvinsa-Lursarea darama bertako idazkaritza teknikoa.

Programaren hasieran, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza espezializatua eman zen, eta, egunotan, esperientzia pilotuak martxan jartzen ari dira. Jarduera inklusiboak dira, pertsona guztiek Nafarroako natura- eta kultura-ondarea baldintza berdinetan gozatu eta ulertu ahal izateko diseinatuak.

Programak hiru jarduera pilotu barne hartzen ditu 2026ko urrirako, eta horiek izango dira programaren lehenengo aplikazioa lurraldean. Hasieratik diseinatuta daude irisgarritasun fisiko, bisual, entzumen eta kognitiboko irizpideekin, irisgarritasuna zeharkako ardatz gisa integratuz ondarearen kudeaketan eta balioan jartzeko prozesuan. Era berean, programa hobetzeko aukera berriak identifikatzen lagunduko dute, bai eta Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten espazioen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea sustatzen ere, ondare gero eta inklusiboagoa eta herritar guztientzat eskuragarriagoa eraikitzeko helburuarekin.

Herritar guztiei zuzendutako hiru esperientzia

Jarduerak Nafarroa Ezagutu Sareko hiru espaziotan egingo dira, eta irisgarritasun fisiko, sentsorial eta kognitiboko irizpideak kontuan hartuta diseinatu dira, natura- eta kultura-ondarea askotariko publikoari hurbiltzeko asmoz.

  • Elia: lurrak kontatzen diguna

Datorren urriaren 17an, 16:00etan, paisaia honen geologia eta landaredia ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek, geologian aditua den Fran Sanzek lagunduta. Eliako Paisaia Babestuaren Interpretazio Zentroa izango da topagunea, Eguesibarren.

  • Irunberriko arroila: paisaiak zerura begiratzen duenean

Urriaren 23an, 19:00etan, jarduerak aukera emango du urte-sasoi honetako gaueko zeru bereizgarria ezagutzeko eta esploratzeko, esperientzia egokitu eta irisgarri baten bidez.

  • Plazaolako Bide Berdea: oso bide bizia

Urriaren 24an, 11:00etan, Plazaolako Bide Berdearen zati baten interpretazio-ibilbidea egingo da, gaur egungo erabilerak eta udazkeneko paisaiaren ezaugarri diren balio naturalak ezagutzeko.

Jarduerak doakoak dira, baina plaza mugatuak daude. Interesa duten pertsonek proposamen batean edo batzuetan izena eman ahal izango dute, antolatzaileek prestatutako formularioaren bidez.

Izen-emateak:

Izen-emateak formulario honen bidez egin daitezke: https://forms.gle/VQH7cgei36Tio9zE6

Prestakuntzatik ekintzara

Nafarroa Ezagutu Sare irisgarria programa Sarearen programaren lan-ildo baten parte da, irisgarritasuna zeharkako irizpide gisa sartzeko ondarearen kontserbazioan, interpretazioan eta hedapenean, pertsona guztiek guneek eskaintzen dituzten esperientzietara iritsi eta horietan parte hartu ahal izatea ahalbidetuz.

Ekainetik uztailera bitartean, Nafarroa Ezagutu Sareak irisgarritasunari eta jasangarritasunari buruzko prestakuntza bat jarri zuen martxan, natura- eta kultura-ondarearen kudeaketaren eta interpretazioaren alorreko profesionalei zuzendua. Prestakuntzari esker, Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten erakunde eta espazioei beren jarduera, zerbitzu eta baliabideetan iraunkortasun- eta irisgarritasun-irizpideak sartzen laguntzeko gaitutako pertsonen sare bat sortu zen.

Esparru horretan trebatutako profesionalek parte hartu zuten, hain zuzen ere, sareko hainbat espaziotako lehen esperientzia pilotuak diseinatzen eta garatzen. Proposamenek Iddeas Fundazioaren eta Garraporen laguntza dute, irisgarritasunean eta ingurumen-hezkuntzan espezializatutako erakundeak, hurrenez hurren, eta lurraldeko beste ekipamendu eta baliabide batzuetara transferi daitezkeen metodologia eta jardunbide egokiak ebaluatzeko aukera emango dute.