Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak Lakita SA enpresari esleitu dizkio Plazaolako Bide Berdeko obrak. Obra horiei esker, urritasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasuna hobetu ahal izango da 12 kilometrotan, bai eta hurbileko espazio elkartuetan ere, hala nola atsedenlekuetan eta aparkalekuetan.
Lanak azaroan bertan hasiko dira, eta bost hilabetez egitea aurreikusten da. Esleipenaren zenbatekoa 280.620 eurokoa da, BEZa barne, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsen kontura finantzatuko dira, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez. Plan horrek turismoaren sektorean eraldatze-jarduerak bultzatzen ditu trantsizio berde eta digitalaren eta turismo-lehiakortasuna hobetzearen eremuetan.
Lanak lau zatitan egingo dira: abiapuntuak Leitzan, Lekunberrin, Latasan eta Irurtzunen, eta ibilbideak eta zoladurak hobetzeko jarduketak egingo dira, barandak eta eskudelak jarriko dira, tuneletako argiztapena hobetzeko gida-elementuak jarriko dira, abiapuntuetan seinale irisgarriak jarriko dira eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku berriak sortuko dira, besteak beste.
Plazaolako bide berdeak 78 kilometroko luzera du, eta bat egiten du Plazaolako Bide Naturalarekin – Pirinioen hegoaldeko isurialdea – eta Eurovelo bizikleta-ibilbidearekin (EV1). Trazaduraren barruan, berreskuratutako edo lehengoratzeko bidean dauden bi trenbide sartzen dira: Plazaola eta Irati trena, biak Iruñean konektatuta Iruñerriko Ibai Parkearen bidez. Bai Plazaola eta bai Irati dira Nafarroak, mende honen hasieran, bidaiarien eta salgaien garraiorako izan zituen trenbide estuetako bi. Lehenengoa 1914an inauguratu zen, eta Iruñea eta Donostia lotzen zituen. Zerbitzua 1953. urtera arte mantendu zuen. Urte horretan, hainbat uholdek zirkulatzen zuen zubietako asko arrastatu zituzten, baina zubi horiek ez ziren berritu, defizit-egoeragatik eta zerbitzu bera egiten zuen autobus-linea bat zegoelako, denbora laburragoan eta kostu txikiagoarekin.