ESTELLERRIKO 2021EKO PRESTAKUNTZA

Estellerrian hamar pertsona prestatu dira jasangarritasun teknikari izateko, 2021eko udazkenean Nafarroa Ezagutu Sareak eta eskualdeko bazkideek bultzatutako bi hilabete baino gehixeagoko ikastaro batean.

Emplea fundazioak eta Altekiok eman dute ikastaroa. Bi enpresak adituak dira taldeko eta sareko lan-metodologietan eta jasangarritasunera bideraturiko enplegu eta ekimenetan. Ikastaroan modu aktiboan parte hartu dute, orobat, Nafarroa Ezagutu Sareak eskualdean dituen zortzi espazioek: Acedoko Basoko etxea, Metautengo Boilurraren museoa, Allozko urtegia, Artabia eta Zudairiko ibai-hondartzak, Mugarrietako mendiak, Urederra iturburuko bidexkak eta Irantzuko Lurretako bidexken sarea.

Ikastaroa egiteko hamar lagun aukeratu ziren: zortzi emakume eta bi gizon (71 lagunek eman zuten izena). Prestakuntza zazpi modulutan banatu da: trebetasun bigunak jakiteko ea norberaren profil pertsonala egokia den lana eskualdean egiteko eta zein den eskualdearekiko lotura, erronka globalak, tokiko eragileekin elkarrekintzan aritzeko tailerra, proiektuak planifikatzen hastea, ekimen eta proiektu jasangarriak diseinatzea, ingurumen arloko hezkuntza eta komunikazioa eta lurraldean oinarrituriko proposamen zehatzak.

Naturagunetik ingurune hurbilenera jasangarritasuna eragitera bideratutako prestakuntza hiru interesgunetara bideratu zen, eta horiei buruzko amaierako proiektuak aurkeztu ziren bukaerako jardunaldian:

  • Programa eta egutegi bateratuak sortzea Estellerriko espazio horietarako guztietarako.
  • Lurralde osoko kontakizun bat sustatzea eta bateratzea, testu eta bideo
  • Tokiko biztanleak aktibatzea, ezagutza transferituz, eta espazio horiek sor ditzaketen aukerak agerian jartzea, urte-sasoiko azoka bat sortzea barne.

Bertaraturikoek hiru proiektuak txalotu zituzten, ekitaldira bildu baitziren Nafarroa Ezagutu Sarearen espazioetako ordezkariak, Gustavo Ortiz de Barrón lehendakaria buru zela, eta eskualdeko herri-hautetsiak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak, TEDER tokiko ekintza taldekoak, Lursarea-Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziakoak, Irantzuko Lurrak elkarte turistikokoak eta Lizarraldeko turismo partzuergokoak.