2.000 lagun inguruk hartu dute parte aurtengo udan Nafarroa Ezagutu Sarearen jasangarritasun-agenteek sustatutako 62 jardueratan. Jarduera horiek tokiko biztanleek eta bisitariek baliabide naturalak eta kulturalak dinamizatu eta balioetsi ditzaten diseinatu dira, baita Sakanako, Bidasoako eta Lizarraldeko naturguneetako tokiko produktua eta ondare historikoa ere.

Jarduera horiek aztertzeko eta ondorioak ateratzeko Lakuntzan duela gutxi egindako jardunaldian, programaz arduratu diren iraunkortasuneko teknikariek azpimarratu dute jende askok parte hartu duela, 2.000 lagun inguruk, hain zuzen ere. Guztira jarduera gauzatu dituzte, uztailean, abuztuan eta irailean, Sakana, Bidasoa eta Lizarraldeko naturaguneetan: Plazaolako eta Bidasoako bide berdeak, Aralar, Leurtzako olgetarako naturaguneak eta Zubietako errota, besteak beste.

Leurtzako urtegien mendeurrena

Hauek izan dira jarduera garrantzitsuenak: Leurtzako urtegien mendeurrena, bertako produktuen inguruko hainbat azoka, ingurumenari buruz sentsibilizatzeko bisita gidatu eta tailerrak lekuan bertan eta ikastetxeetan, erlezaintzan hasteko tailerrak, yoga aire zabalean, txalaparta, ikaztegi bat berreskuratzea eta Aralarreko historiari buruzko irakurketa antzeztua, besteak beste.

Eremu bakoitzean gauzatutako iraunkortasun-programak tokiko erakundeekin, lurralde-agenteekin, adituekin eta bertako biztanleekin batera diseinatu dituzte, benetako premiei erantzuteko eta ondare natural, kultural eta sozialaren balioa azpimarratzeko.

Boluntarioek parte hartzea ere sustatu dute, gazte-elkarteekin eta gizarte-erakundeekin lankidetzan, eta eremu batzuen eta besteen arteko elkarlana bultzatu dute, jarduera eta ekimen bateratuen bitartez. Horrez gain, uztailean, abuztuan eta irailean hileko egutegia egin dute, Ezagutu Sareko eremuetan antolatutako jarduerak biltzeko eta aldi berean eta modu sistematizatuan ezagutzera emateko.

Ekimena Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak sustatu du, Lursarearen, hau da, Ezagutu Sareko idazkaritza teknikoaren bitartez, eta honako hauekin elkarlanean: Sakana Garapen Agentzia, Plazaola Partzuergoa, Cederna Garalur eta Sakana, Bidasoa eta Lizarraldeko tokiko erakundeak.

Iraunkortasuneko etorkizuneko agenteak prestatzea

Rubén Goñik, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak, iraunkortasuneko teknikarien lana azpimarratu du. “Nafarroan, lurraldea modu iraunkorrean garatzea funtsezkoa da, bere hiru arloetan: ekonomia, ingurumena eta gizartea. Eta, garapen horretan laguntzeko, iraunkortasuneko teknikarien lana ezinbestekoa da. Teknikari horiek prestatu egin behar dira lehendabizi, eta, gero, lanean esperientzia hartu behar dute, aurtengo udan bezala.”

Iraunkortasunaren alde egiteko apustu horretan, profil profesional berezi bat sortzeko asmoa dute: iraunkortasuneko agentea. Aurten, maiatzean eta ekainean, iraunkortasuneko etorkizuneko teknikariak prestatu zituzten, ikasteko metodologia berritzaile baten bitartez. Izan ere, lurraldeko hainbat eremutako benetako erronkak landu eta arlo hauekin zerikusia duten gai eta arazoei buruzko proiektuak egin zituzten: klima-aldaketa, erabilera publikoa eta lurraldearen kudeaketa iraunkorra.