Berriki, Uraren Bailarakek eta Cederna Garalur Elkarteak Bidasoko Bide Berdearen seinale berriak aurkeztu dituzte; ibilbide hau Nafarroa Ezagutu Sarearen barruan kokatzen da. Inbertsioaren helburua, bideko erabiltzaile ezberdinei zer arau dauden eta bidea modu egokian nola erabili behar den gogoraraztea da. Denek Bide Berdeaz gozatzea da helburu nagusia, bertako bizilagunen, kirolarien eta bisitarien arteko bizikidetza ona sustatuz.
Zehazki, 8 informazio-panel orokor berri eta berariazko 32 seinale berri paratu dira Doneztebe eta Endarlatsa, Lesaka, arteko zatian. 9.738,08 €-ko inbertsioa izan da. Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak % 78an finantzatu du, honez gain, Uraren Bailaraken (eskualdeko udalak) funts propioak ere erabili dira inbertsio hau finantzatzeko.
Eskualdeko ‘Kulturkari’ eta ‘Malerreka Common Zerbitzuak’ enpresek diseinatu eta instalatu dituzte seinale berriak.
Bidasoko Bide Berdeak, Baztan-Bidasoa eskualdeko herriak lotzen ditu, eta, gaur egun, Oronoz Mugairiraino iristen da, “Tren Txikito”aren trazadura zaharrari jarraiki, 42km inguru dituen ibilbidea Eurovelo Sarearen barnean dago. Ibilbidearen trazadura laua oso aproposa da paseatzeko, kirola egiteko, bizikletaz mugitzeko eta Bidasoaren paisaiez gozatzeko.
Proiektua toki-erakundeen funtsekin kofinantzatu da, Nafarroa Ezagutu Sareko espazioetan eta ibilbideetan (Sare horretako partaidea da Bidasoko Bide Berdea) lurralde-garapen jasangarriko proiektuak gauzatzeko.