Komunikazio-gaitasunak, gatazken kudeaketa, natura-ondarearen interpretazioa eta Excel kudeaketa eta kontabilitaterako dira 2025 honetan Nafarroa Ezagutu Sareko erakunde bazkideek eskura ditzaketen lau prestakuntzak, hala eskatzen badute; izan ere, online prestakuntza-gune bat dago eskuragarri Elkarteako kideen premia didaktikoei erantzuteko.

Prestakuntza horiek espresuki garatu dira gune eta ibilbideen kudeatzaileen formakuntza-beharrei erantzuteko. Erakundeek galdesorta bidez eta urte hasierako Batzarrean, premiazkoenak ziren prestakuntza-beharrak agerian utzi zituzten.

Nafarroa Ezagutu Sarea naturguneak, gune bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatutako elkartea da. Erakundeek sarean lan egiten dute ingurune horien kudeaketa jasangarria sustatzeko. Urteak dira Sarea trebakuntza-jarduerak egiten ari dela, bai profesionalentzat, bai eremu horiekin lotura duten pertsonentzat.

Nafarroa Ezagutu Sarearen ardatz estrategikoetako bat, hain zuzen ere, etengabeko prestakuntza da, Nafarroako espazioen kudeaketaren jasangarritasuna eta kalitatea hobetzeko funtsezko tresna gisa ulertuta.

Prestakuntzaren ezaugarriak
Prestakuntza-pilulak, batez beste 45 minutu irauten dutenak, online behar adina aldiz ikus daitezkeen bideoak dira, erabiltzaile baten eta pasahitz baten bidez. Formatu hori bi arrazoirengatik planteatu da:

1. Zaila da ikasleak modu presentzialean egun berean toki batean biltzea, eta, gainera, mugatzailea, hitzordura joan ezin dutenek prestakuntza galtzen baitute.

2. Ikasleen eskura dagoen prestakuntza batek aukera ematen du materialak behar den guztietan freskatzeko eta kontsultatzeko.
Bideoez gain, ikasleek eskura izango dituzte prestatzaileek utzitako eduki gehigarriak (PDF formatuan), ariketa praktikoak, hausnarketak, bibliografia eta bestelako baliabideak.

Prestakuntza-pilulak, bideoak zein material osagarriak, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta katalanez daude eskuragarri.
2026rako beste lau prestakuntza garatzea aurreikusi da. Hala ere, bikoiztasunak saihestea da Moodle honen filosofia: baliabide baliagarri bat dagoenean, material horretara bideratzen da helburua, eta, horrela, eskuragarri dauden edukiak berrerabiltzea eta aprobetxatzea sustatzen da.

Ildo horretan, Lursareako Bulego teknikoak antena gisa jarduten du eta hainbat erakundek (Ondarezain Elkartea, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, AENEAM proiektua, Turismoko Zuzendaritza Nagusia, etab.) emandako prestakuntza interesgarriei buruzko informazioa ematen du.

Bulegoa Nafarroako Gobernuko beste zuzendaritza nagusi batzuekin ere lanean ari da, lehendik zegoen prestakuntza-materiala partekatzeko, formatu berean dagoena eta, gaiaren arabera, sareko erakundeek eskatu dutena. Bide horretatik, badirudi 2026an irisgarritasunari buruzko prestakuntza eskuragarri egongo dela.

Beraz, Moodle tresna Nafarroa Ezagutu Sarearen eskura geratzen da, bere oraingo eta etorkizuneko behar didaktikoetarako.

Nola lortu prestakuntza
Piluletara sartzeko, interesatuek eskaera lursarea@nasuvinsa.es helbidera bidaltzea eskatzen da, postaren gaian honako hau jarriz: “Sarbidea Moodle Nafarroa Ezagutu Sarea” eta zein erakundetatik datorren.

Inprimaki bat bidaliko zaie, beren datuekin osa dezaten, eta hor aukeratu beharko dituzte interesatzen zaizkien pilulak eta hizkuntza. Datuak balioztatu ondoren, prestakuntzetara sarbidea emango zaie.

Pilula berriak egon ahala, plataformatik bertatik jakinaraziko zaie interesa izan dezaketen pertsonei, horietara sartzeko aukera izan dezaten.

Finantzazioa
Nafarroa Ezagutu Sareak, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak esleitutako finantzaketaren bidez, komunikazio-trebetasunen, gatazken kudeaketaren eta natura-ondarearen interpretazioaren prestakuntza-pilulak finantzatu ditu.

Ekimen honek POCTEFA DESIR proiektuaren laguntza du. Horri esker, bideoak eta materialak editatu eta itzuli dira, eta laster pilula gehigarriak kaleratuko dira.