Nafarroako Gobernuak %65 handituko ditu Nafarroa Ezagutu Sarearen espazio eta ibilbideetarako diru-laguntzak 2022an, Ruben Goñi Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusi eta elkarte horretako lehendakariordeak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian egindako ohiko Batzar orokorrean iragarri duenez.

Nafarroa Ezagutu Sarea Foru Komunitateko naturgune babestuak, espazio bereziak eta erabilera publikoko ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatutako elkartea da, eta esperientziak trukatzeko, sarean lan egiteko edo baliabideak optimizatzeko topagune gisa aurkezten da. Gainera, gune horretako bisitarientzako eskaintza eta zerbitzua hobetzen lan egiten du, iraunkortasunaren toki-garapenaren printzipioak kontuan hartuta.

Ruben Goñi zuzendari nagusiak iragarri du aurten bi laguntza-lerro garatuko direla Sareko espazio eta ibilbideetarako. Alde batetik, Nafarroako Gobernuko Izapideen eta Zerbitzuen Katalogoan aurkitzen da jada Lurralde Garapen Iraunkorreko proiektuak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia, inbertsio-izaera ekonomikoarekin, eta horretan izena emateko epea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean irekiko da. Toki-erakundeek sustatutako proiektuetarako 200.000 euro bideratuko dira eta 65.000 euro irabazi asmorik gabeko erakundeentzat, 25.000 euroko mugarekin.

Programa iazko urtean ere bazen, eta horren bitartez era horretako 13 proiektuk jaso zuten diru-laguntza; hau da, tokiko 9 erakundek 135.000 euroko laguntza izan zuten (aurten jarriko den zenbatekoaren bi heren) eta irabazi asmorik gabeko 4 elkartek 65.000 euroko diru-laguntza.

Igoera hori izateaz gain, aurtengo udaberrian beste bide bat irekiko da iraunkortasunaren hiru ardatzekin loturiko proiektuak edo jarduera-programak diruz laguntzeko; horren barruan gauzatzen duten langileen gastua ere sar daiteke. Era horretan, beste 65.000 euro jarriko dira: 40.000 euro toki-erakundeentzat eta 25.000 euro irabazi asmorik gabeko elkarteentzat, proiektu bakoitzeko gehienez 12.000 euroko mugarekin. Horrela, 2021eko 200.000 euroko diru-laguntzetatik 330.000 eurokoak izatera igaroko dira aurten, %65eko igoera eginda.

Bazkide berrien kapituluan, Ezagutu Sareko Batzordeak Bidankoze, BTT ibilbideekin, eta Zuñigako Udalak, Vasco Navarro Trenbideko Bide Berdearen harrera-gune gisa, sartzea onartu duenez, Sareak jada 66 kide ditu. Halaber, loturiko bi eremu aldatzea onartu zuen; hau da, Burgiko Udalarena, Burgiko Almadiazainen Pasealekuko Bainu Eremuaz arduratzen baita orain, eta Ederko Udalarena, azken hau Hegaztien Behatokien Sareari lotzeagatik (Soto de los Tetones, Azagra, Buñuel eta Pulguerko Urmaela).

15.000 erreserba

Ezagutu Sareko lehendakari Gustavo Ortiz de Barronek (Plazaola) iaz egindako jarduerak eta aurten Nafarroako Gobernuko eta Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia, Lursareako teknikariekin batera garatu nahi diren jarduerak errepasatu zituen. Horien artean, nabarmentzekoa da edukieraren kudeaketa erreminta finkatu nahi izatea,  iaz ezarritakoa. Horren bitartez, 15.000 erreserba baino gehiago egin ziren iazko udan, eta aurten Zugarramurdi eta Orgiko espazioak ere kudeatuko ditu.

Tresna horrek lotura estua du ‘¿Dónde va Vicente? Maritxu, nora zoaz?’ goiburua duen komunikazio-kanpainarekin; kanpaina iazko ekainean burutu zen Nafarroako landa-inguruneko bisitarien artean erabilera egokiak sustatzeko eta horien gainean sentsibilizatzeko, zenbait helmugatan masifikazioa saihestuta.

Elkarteak hainbat prestakuntza-lan egin zituen, eta aurten ere horiekin jarraituko du. Iruñeko Nekazaritza eta Basozaintzako Ikastetxe Integratuko Ingurumenaren Kontrol eta Hezkuntzako goi-zikloko ikasleei prestakuntza eman zitzaien, praktikak Sareko espazioetan eta ibilbideetan egiteko aukerarekin batera; halaber, prestakuntza jaso zuten espazio eta ibilbide ezberdinetako langile kontratatuek edo kudeatzaileek, komunikazio-trebetasunak eta gatazken konponketa lantzeko. Era berean, udal-ordenantzei buruzko tailer bat egin zen.

Iraunkortasun-arloko teknikariak 

Lizarraldeak iraunkortasun-teknikari gisa prestatutako hamar pertsona ditu, 2021eko udazkenean bi hilabetetik gorako ikastaro bat egin ondoren, Ezagutu Sareak eta inguruko bazkideek bultzatuta. Profil profesional berriaren prestakuntza-ikastaro hau Baztan-Bidasoa eta Sakana eta Larraun-Leitzaldea eremuetara lekualdatu nahi da aurten.

Era berean, iraunkortasuneko hiru teknikari kontratatu ziren udan Allotzeko eta Leurtzako urtegietan eta Urbasako mendilerroan, eta ekintza horrek jarraipena izango du ekitaldi honetan ere, udaberrian deituko den diru-laguntzen lerro berrian oinarrituta. Aurten, Ezagutu Sareko boluntariotza iraunkorraren irudia nabarmendu nahi da, eta, horretarako, bi gune pilotu jarriko dira Bidasoako Bide Berdean eta Goizuetan eta Aranon.